Jose Ignacio Amondarain (Ner Group); Beñat Garmendia (Pelotaria); Iñaki Alberdi (Idiazabalgo Alkatea); Xabier Euzkitze (Komunikatzailea); Atzio Orexa (Nergroupeko Gizarte Konpromisuko Koordinatzailea).

Dirua biltzeko bi partida jokatuko dira Idiazabalgo frontoian

Gaur goizean, Idiazabalgo Udaletxean, Nergroupek apirilaren 6an antolatutako pilota partiden aurkezpena izan da. Idiazabalgo frontoian pilota jardunaldia izango da, lekualdatutako pertsonentzat edo Ukrainan hainbat arrazoirengatik geratu behar izan direnentzat dirua biltzeko asmoz. Emakumezkoetan, Iturriaga eta Mujika, Ruiz de Infanteren eta Ruiz de Larramendiren aurka, eta gizonezkoetan, Bengoetxea VI eta Garcia, Zubizarretaren eta Garmendiaren aurka. “Oso gustora holako gauza baten parte hartzea. Azkenean guk pelotari bezala frontoian disfrutatu egiten degu eta laguntzeko aukera badaukagu gauza txiki hauek aportatzea oso gustokoa da” esan du Beñat Garmendiak prentsaurrekoan.

Jardunaldi honekin, lekualdatutako pertsonentzako dirua biltzeaz gain, ahalik eta laguntza gehien lortzeko sentsibilizazioarekin jarraituko da. Sarreren salmentatik eta partidaren 0 lerrotik lortzen den diru-bilketa, oinarrizko behar ekonomikoentzat bideratuko da. Xabier Euzkitze komunikatzaileak parte hartu du; “Horrelako egoeretan jende askoren bultzada behar izaten da eta pilotatik eragiteko aukera izanez gero, alde batetik bildu daitekeen dirua da eta bestetik egin daitekeen sentsibilizazio lana. Nik eskerrak eman nahi dizkiet Nergroupi, boluntarioei, hemen parte hartuko duten pilotariei eta bultzada honetan parte hartzen ari diren guzti guztiei”.

Idiazabalgo herriarentzako plazer bat da Ucrania_SOS bezalako egitasmo batekin bat egitea, Iñaki Alberdi alkateak aipatu duen bezala. “Azkenean badakigu edozein gerratan kalteturik handienak bertako herritarrak izaten direla eta beraien etxeetatik presaka aldegin behar izan duen jendearen bizimodua hobetzeko edozein ekimenetan partehartzeko pronto gaude. Idiazabalgo herrian beti ateak irekita egongo dira horrelako edozein ekitaldi aurrera eramateko”.

Gerrak milaka errefuxiaturi eragiten dien egoera lazgarriaga dela eta sortu da Ucrania_SOS. 10 boluntario baino gehiago, Nergroupeko zenbait enpresatako langile, Ukrainara joan ziren neguko arropaz eta osasun-materialez beteta. Nergroupen haserako bidaiari esker 26 ukraniar etorri ziren eta ondoren, Ucrania_SOS proiektuari esker gaur egun 200bat errefuxiatu Euskadiko hainbat etxetan daude.

Beste ekimen batzuk ere koordinatuko dira. Nergroup-eko boluntarioek egoera desberdinen jarraipen espezifikoa egin dute, behar duten eta bildutakoarekin mikro-dohaintza ekonomikoak jasoko dituzten pertsonei laguntza ekonomikoa emateko modu zehatzak antolatu ahal izateko. Atzio Orexak, Nergroupeko Gizarte Konpromisuko Koordinatzailea azaldu duenez “Nergroupek urteak daramatza gizarteko konpromisuko proiektuak gauzatzen bai hemen Euskal Herrian eta bai beste kontinenteetan ere. Martxoak hasieran jarri genuen martxan Ucrania_SOS ekimena eta horren bitartez Ukraniara joan izan ahal ginen lau furgoneta materialez kargatuta eta 26 pertsonekin etorri ginen hona bueltan.

Horren ondoren, gure esperientziatik abiatuta beste hainbat kolektibo ere bertara joan dira, guk kudeatu ditugu eta guk alojatu ditugu kolektibo horiek ekarri dituzten ukraniarrak. Momentu honetan 300bat pertsona ditugu alojatuta. Ekimen honen bidez nahi duguna da hona ekarri ditugun pertsona guztiei laguntzen jarraitu ekonomikoki mikrodonazioen bitartez. Gure ardura ez da bakarrik handik hona ekartzea baizik eta hemen daudela ahalik eta neurririk handienenean babes ekonomikoa eskeini beraien patrimonioa hutsa delako”.