Colibri 9 Koldo Saratxaga

Aarn Giriren argazkia.

Pertsonak berdingabeak gara

Duela aste batzuk gogoeta batzuk partekatzeari ekin nion “Zergatia eta helburua naturalki jariatzen direnean” izeneko lehenengo artikulua dela medio; horrela erraietatik hitz egiteko nire asmoa erakutsi nahian. Eta hala jarraitu nuen egiten “Pentsatzea sortzea da” bigarren artikuluan, eta “Erraztea aukerak eskaintzea da” hirugarrenean, zeinetan amaitzeko esaten nuen erakundeak banakako eta talde mailan armoniaz eta jardunerako askatasunaz jariatu daitezen, erabakietan parte hartuz, elkarrekin ereinez eta uzta elkarrekin gozatuz, helburuak elkarri hurbiltzen eta erronkak guztioi berdin asetzen gaituztelakoan partaide izatearen harrotasuna lagun, lider xumeak, hurbilak behar ditugu, ahal bada hautatuak eta ez nolanahi jarriak, pertsonen konfiantzak ematen duen energia sentitzen dutenak. Horrek pertsonengan sinestera eramango gaitu, ahal dena eta ezinezkoa den guztia errazteko eta partekatzeko aukera izanik, arrakasta berdintasunez barnera dadin.

Liderra izatean kontrolak gure helburua izateari uzten dio eta eroso sentitzen gara komunikatzean, partekatzean, lurra sentitzean eta sortzen ari garen hartan, edozer dela ere, bizipoza dagoela jakitean. Erakundetan funtsezkoa da ideia berriak kontuan hartu ahal izatea, eta hori sortzen da hierarkia edo botere barne harremanetan beldurrik egoten ez denean; orduan informazioa eta esperientzia uztartu egin ohi dira ezagutza berria lortze aldera. Horiek dira erakundetan buru izateko aproposak liratekeen pertsona motak.

Bizitzan ikasteko aukerak aurkezten dira etengabe, arazo guztiak aukerak bihurtzen dira aztertu nahi duguna arrazoia denean errudunen ordez, baterako analisia eginez helburua izanik, ezagutzaren, talde-lanaren, gogoetaren, lankidetzaren gozamena ulertzea, armonian, hori baita magia eta bizitza.

Sinesten dut, zalantzarik gabe, talde-lanean. Zeren uste dut pertsonak ez garela perfektuak eta ez garela etorri perfektuak izatera; horregatik, gizakiaren eboluzioa jarraitzen dut hizpide izaten, zeren elkarrekin osatzen gara. Eta horrela ulertu nuen, duela hamarkada batzuk, talde-lanak osatzen gaituela, izan ere, perfektuak izan ez arren, bai garela berdingabeak. Alditan, gauza hauetaz hitz egiten dudanean, esan ohi didate, aizu, “Koldo zu ere ez zara perfektua”. Nik erantzuten dut ez dela beharrezkoa hori esatea zeren badakit edo bestela, teoria desmuntatzen da. Eta, horregatik, talde-lanaz maiteminduta nago, horregatik ez naiz joaten inora bakarrik, horregatik ez dut egin izan ezer bakarrik, osagarritasunean sinesten baitut, eta gizaki anitzean sinesten dut eta anitzak izanik osatzen dugu elkar. Berdinak izango bagina ez genuke elkar osatuko eta orain baino are lehiakorragoak izango ginateke, eta jadanik gehiegizkoak gara. Zergatik lehiatzen zara zu bezalakoa ez den norbaitekin?

Haurtzaroa, gurasoak, amak eta hezkuntza arloetan, sentitzen dut pertsonak ez ditugula babestu behar, ez dugu pertsonen samina gure gain hartu behar, ez diegu arraina eman behar pertsonei, eta arrantza egiten irakatsi behar diegu. Hori garbi izan behar dugu, gaizki ulertutako erruki batean erori gabe. Agian bere samina partekatu genezake, baina ez dugu zertan gure bizkarrean hartu eta haren ordez sufritzen aritu beharrik. Ez gara etorri sufritzera, laguntzera, erraztera etorri gara, horretara bai. Horregatik izan ohi dut lidergoa aipagai gehienbat, eta ez kudeaketa, zeren azkena zanpatzearekin lotzen da gehiago. Nekagarria iruditzen zait egunero errepikatu eta entzutea honako terminoa: giza baliabideak; finantza baliabideak bai, baliabide materialak bat, baliabide terminologikoak bai, baina gehiegizkoa gertatzen zait 2022an erakundetan giza baliabideak ahotan izaten jarraitzea. Pertsonak ez gara baliabideak, mesedez.

Pertsonak baliabideak bailiran tratatzen ditugunean, ez da nahikoa justifikatzea esanez: “beno ulertzen didazu zer esan nahi dudan”. Ez, ez, ez, ez… Hitzek ez dute esanahirik. Ezin dira hamarkadak iragan eta teknologikoki urrats handiak eman, eta harremanen inguruko gure hiztegiaren esanahia eguneratu gabe utzi. Ez gara kontziente pertsona bakoitzaren garrantziaz eta bere zirkunstantzia berdingabeez, haien dibertsitateaz eta, ondorioz, bateratu eta goratu egiten dituen erronka gorenago bat lortze aldera beste pertsona batzuekin energiak bateratzean kontzientziaz eginiko ibilbide honetan erantsita dakarren misio paregabeaz. Pertsona bakoitzak erakundean duen garrantzia barneratzea baino ez da.

Pertsonak berdingabeak gara, hasiera batetik zaindu behar ditugun diamante landugabeak. Seme-alaba bat izateko zortea baduzu eta a, b, c, edo d izaten bada, ezin diozu hori konparazio terminotan edo are gutxiago negatibotan aurpegiratu. Gurasoei esaten diet: “esaiozu, milaka aldiz, zuen seme-alabari izaki berdingabea dela. Laztana, zu neska berdingabea zara, naturaren bitxi bat eta ezerk edo inork ezin zaitu alderatu, eta are gutxiago 3,5, edo 9ko nota batek”. Soilik bere bidea aurkitzen laguntzea da, hau da, etorri zirenean zuten misioa. Zelako bidaia zoragarria!

Eta noski, batasun horretatik bizitzean, horrela banoa, berdingabea izatearen harrotasunaz joango nintzateke; eta horrek bizitza erabat aldatzen du. Bai, askotan errepikatu behar zaio.

Orain hezkuntzara hurbiltzen naizenean, eta etxera suspentsoak izututa eramaten dituzten haurren egoerak kontatzen dizkidatenean, gaur egun oraindik euren etxeetan zigor gogorrak jasaten dituztela, eskoletan, institutuetan, Euskadin modu estandarrean tratatuak izaten diren neska-mutilak, zenbakiak bailiran, bere bizitza pertsonalari buruz ezer gutxi edo batere jakin gabe, ikasturteak abian jarri aurretik haien gurasoekin hitz egin izan gabe, haien ingurune errealera bisitarik egin gabe, aurrez aurre hizketaldi bat izan gabe, entzunak izateko aukera emanez euren bizitzan okupatzen eta kezkatzen dituenari buruz. Tutore bakoitzak 22 – 24 ikasle ditu, 12, 13, 14 urteko adinekin, zein euren bizitzako une kritiko horretan dauden, gehienek arazo oso larriak izanik, euren helduarorako oso garrantzitsuak, eskola garai hauetan horiek ebazteko ematen zaien laguntzaren arabera.

Hainbat egoeratan familia harreman oso konplexuak daude, are gehiago derrigortutako bizikidetzako une hauetan, kulturen egokigarritasun arazoak eta, nola ez, hizkuntzarekin lotutakoak. Badu logikarik azterketak berdinak izatea hizkuntzarekiko jaiotzatik ulermen eta komunikazio arazoak dituztenentzat? Hain zaila al da ezagutzea ikasturtea abiatu baino egun batzuk lehenago, tutoreen aldetik, zer dagoen idatzita ikasle bakoitzaren ibilbidean, zein den familiarekiko harreman egoera, norekin eta non bizi den, nola datorren, nondik datorren, lo ondo egiten duen edo deskantsatzea kostatzen zaion, gosaldu duen edo ez. Hori jakin gabe notak jartzen hasi gaitezke, aste gutxi barru, guztiontzat berdinak diren azterketa batzuekin? Suspentsoak jar ditzakezu hori jakin gabe? Hainbat kasutan 4ko nota bat ez al litzateke balio handikoa izango zirkunstantzien arabera? Eta gainera, kontuan hartzen badugu munduan ez daudela bi pertsona berdin. Nola baloratu ahal ditugu ezberdinak badira? Jaiotzatik urte beteko aldea soilik dute? Ez al dugu lortuko, horrela jokatuz, are beldur, samin, izu, ulertezintasun, eta ziur aski gorroto gehiago eranstea inguratzen dieten guztiarekiko?

Izaki berdingabeak gara eta zeregin batekin etorri gara eta gure egin beharrekoa da etorri den pertsona bakoitzari zeregin hori erraztea, gure esku dagoen egoera hartan, bizitzaren ibaira sar daitezen erraztu, jariatuz eboluzionatu ahal izan dezaten.

Hau da zuekin partekatu dudana, hori da naizena, sentitzen dudana eta horrela, nire erraietan dudan sentipen hori lagun jokatu izan dut mota orotako erakunde enpresarialetan eta gauzak oso ondo joan zaizkigu. Ezin da beste modu batera izan, izaki berdingabeekin gauza berdingabeak solik lor ditzakezu.

(Sopuerta, Bizkaia, 1947) Lanbide Heziketa ikasi zuen eta, ondoren, Ingeniaritza Teknikoa, Bilboko Ingeniaritza Teknikoko Eskolan. Bi enpresa-ikastaro eta bi MBA egin zituen, bata Deustuko Unibertsitatean eta bestea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Maiterekin ezkonduta dago eta bi alaba ditu, Joana eta Ainara, eta lau biloba, Udane, Irati, Ibai eta Aroa.