Batzarra


Artikulu-multzo honen kapitulu berri batekin jarraitzen dugu, erakunde autokudeatua eraikitzeko beharrezkoak diren oinarrizko egiturekin, K2K Emocionandotik harremanen estilo berria, hots, gure “nerbyK2K”, ezartzen dugun moduaren arabera.

Batzarra erakundean lan egiten duten pertsona guztien arteko bilera da, haien kontratu-mota, iraupena edo jabetzan partzen duten ala ez kontuan izan gabe. Batzarrean parte hartzeko “eskubidea” ematen duena da pertsonak bere lana eskaintzen diola erakundeari.

Autokudeaketaren arabera, erakundean lan egiten dugun pertsona guztiok gure lan zehatza behar bezala garatzeko eta erakundeari dagozkion erabakietan erantzukizunez eta askatasunez parte hartzeko behar adinako informazioa dugu. Batzara pertsona guztiek parte hartzeko oinarrizko elementua litzateke.

Erakundea txikia bada, Batzarra ia uneoro erabil dezakegu, taldeetara edota pilotutzara jo beharrik gabe, Batzarrean erakunde osoa jada parte hartzen ari baita. Esate baterako, enpresa batean lan egiten dugun 5-6 pertsona bagara, zuzenean funtziona dezakegu, une bakoitzean beharrezkoak diren gai ezberdinak jorratzeko Batzarren bitartez. Pertsona guztiak bil ditzakegu une batez egun bakoitzaren hasieran eguneko lanak antolatzeko, batzarra astean behin egin dezakegu bezeroekin loturiko gaiak jorratzeko eta gai ekonomikoekin, proiektuekin, berrikuntzarekin eta abarrekin txandakatzeko.

Erakunde txikiek modu oso intentsiboan erabil dezakete egitura hori. Are gehiago, egin behar dute, zeren, pertsona gutxi izan ohi direnez, informatuta daudela eta baldintza berdinetan parte hartzen dutela uste izaten dute, eta hori ez da egia, errealitatea egoera horretatik oso urrun egon ohi baita.

Tarteko tamainako erakundeetan ere batzarrak erabil daitezke batez ere informazio ekonomikoa emateko eta pertsona guztiei dagozkien erabakiak hartzeko. Urtean 4 eta 6 batzar artean egitea oso ohikoa da, eta 12 edo 14 bat egin daitezke erakundea une oso zailean aurkitzen bada eta pertsona guztien inplikazio handiena eskatzen badu.

Erakunde handietan, aldiz, zailagoa da batzarrak erabiltzea, eta urtean bat edo bi egin ohi dira, soilik garrantzi handieneko gaiak jorratzeko (Ideien eta Helburuen Plana, IHP, onartzea, adibidez), eta gai gehienak Pilotatze Taldearen bidez bideratu ohi dira, ordezkariak biltzen dituen batzarraren bidez.

Edonola ere, oso argi izan behar dugu batzar batek prestaketa-lan garrantzitsua eskatzen duela eta ezin dela inprobisatu; alegia, honako hau ez da: “bildu eta ateratzen denaz hitz egingo dugu”. Batzar batean jorratu ohi diren gaien garrantziari eta parte hartzen duen pertsona-kopuruari erreparatuta, bilera aurretik edukia nahiz modua prestatzea funtsezkoa da. Hona hemen prestatze-lanaren zenbait gako:

  • Deialdia behar adinako aurrerapenarekin egin behar da eta gai-zerrenda argi eta itxiarekin. Gai-zerrendan parte hartzeko aukera eman nahi bada, hobe da batzarra baino lehen egitea eta zerbait tratatu nahi duenak aldez aurretik adieraz dezala eskatzea, unean bertan ez inprobisatzeko.
  • Oso garrantzitsua da parte hartu behar duten pertsonek argi eta garbi jakitea zein puntu jorratuko diren eta informazioa ematekoak edo erabakiak hartzekoak diren. Bigarren kasu horretan, oso garrantzitsua da erabakia hartzeko behar den informazioa eta dokumentazioa argia eta laburra izatea.
  • Argi egon behar du boto-ordezkaritzak onartuko diren, hala badagokio, eta horiek gauzatzeko prozedura nolakoa den. Era berean, argia izan behar du bozketa-sistemak, baldin eta egingo bada, eta hori burutzeko behar diren bitartekoak izatea ere bai.
  • Aurkezpenak egiteko alderdi teknologikoa ondo aurreikusi behar da (megafonia, bideokonferentziak edo behar dena). Gai horien aurreikuspen txar batek bilera garrantzitsu batek porrot egitea eragin dezake.
  • Funtsezkoa da gai-zerrendara mugatzea eta gai-zerrenda horretako puntuetan parte-hartzea errazteko beharrezkoak diren mekanismo guztiak aurreikustea, baina inola ere ez sortu ahala gai berriak irekitzea. Batzarrean aztertu behar diren eta aurreikusita ez zeuden gaiak sortzen badira, horiei buruzko oharrak hartu eta hurrengo bilera batean jorratuko dira.
  • Komeni da ospatzeko elementuren bat edo elementu informalen bat sartzea batzarrean, batik bat urtean gutxitan egiten badira. Mokadu soil bat, aurretiko dinamika txikiren bat edo errekonozimendu-ekitaldiren bat elementu oso egokiak izan daitezke bilera hasteko edo amaitzeko.

[NER BY K2K, K2K Emocionando taldetik ner gainean egiten dugun aplikazio zehatza da. Harremanen estilo berria (ner) erakunde asko beren kabuz abian jartzen ari diren ideien, balioen eta irizpideen multzoa da. Beste era batera ere dei daitezke, eta, beraz, ez dira K2K-ren “jabetzakoak”, nahiz eta guk ner hori zabaltzeko gure modu propioa izan, #nerbyK2K deitzen duguna].